Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekiko konpromisoa berretzi du

Berri korporatiboak

2017/06/22

Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekiko konpromisoa berretzi du

Zenbait kultura-proiektu sustatuko dira erakunde biren arteko lankidetza hitzarmenari esker.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, eta Eusko Ikaskuntzak hitzarmen bat sinatu dute 2017. urtean hiru kultura-proiektu egiteko. Horren bidez, Gobernuak eta euskal sozietateak iaz hasiko lankidetzarekin jarraituko dute. Lankidetza horri esker, zenbait ekimen abian jarri dira, kultura entitatearen bultzada eta laguntza izan dutenak.

Hitzarmena ekainaren 16an sinatu zuten Nafarroako Jauregian Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, eta Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak. Horri esker, erakunde honek Nafarroako kulturarekin eta gizartearekin zerikusia duten gaiak ikertzen eta zabaltzen jarraitu ahalko du.

Dokumentuan foru Gobernuak egindako 40.000 euroko ekarpen bat jasotzen da, eta horri esker, proiektu hauek finantzatu ahalko dira:

1. Etorkizuneko foroak: “Gure etorkizuna imajinatzen: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea”.

Proiektu honen helburua da gure etorkizunari buruzko baterako eta antolatutako gogoeta bat egitea, foro parte-hartzaileen bidez, XXI. mendearen erdialdeko euskal gizartea nolakoa izango den imajinatzeko. Foroetan zenbait esparrutako herritarrek parte hartuko dute, dinamika parte-hartzaileak erabiliz: adituak, kaleko jendea, tokiko eragileak eta abar.

Proiektu hau 2016. urtean hasi zen eta 2017. urtean zehar jarraituko du. Horretarako, Eusko Ikaskuntzak foro hauek antolatuko ditu Nafarroan:

  • Iruñeko euskarari buruzko foro anitza. Iruñeko Udalak, Euskarabideak eta Eusko Ikaskuntzak akordio bat egin dute Iruñeko herritarren artean (euskaldunak edo ez) azterketa enpiriko parte-hartzaile bat egiteko, euskaren inguruko adostasun-puntu berrietara heltzen saiatzeko (printzipioak, irizpideak, neurriak...). Azterketak pertsona aditu eta ezagunen arteko Foro Anitz baten izaera hartuko du: "Iruñeko euskarari buruzko foro anitza", bi saiotan maiatzean egingo dena.
  • "Ezagutza hurbiltzen" foroa, Lizarran. Hau da 2017. urterako aukeratutako gaia: "Nafarroako landa-eremuko herri txikien etorkizuna". Gaia aukeratzean, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako errealitate sozio-ekonomikoa eta etorkizunari begira ekartzen duen erronka demografikoa kontuan hartu du. Foroa Lizarran garatuko da eta mundu globalizatu batean dauden herri txikien garapenari, ezaugarriei eta etorkizunari buruzko gogoeta egingo da. Komunitateko harremanak, ingurumenarekiko elkarrekintza iraunkorra eta garapen-eredu berritzaileak aztertuko dira.
  • Mugaz haraindiko enpresaburuei buruzko foroa Igantzin. Igantzin egin nahi den mugaz haraindiko enpresaburuei buruzko foroan mugaz haraindiko jarduera hori abian jartzea zergatik den hain zaila ulertzen saiatuko dira gogoeta kolektiboaren bidez. Erronka horren helburua, beraz, zailtasunak aurkitzea, ulertzea eta horiek gainditzeko eman behar diren urratsak identifikatzea da.

2. Trebeak!eus: Proiektu honen asmoa da eskolaz kanpoko sozializazio-eremuek gazteen sozializazioan eta hizkuntza-portaeran duten eragina eta, batetik, hainbat esparrutan euskaraz sozializatzeko aukera ematen dizkieten gaitasunak, eta bestetik, hizkuntza-ahalduntzea garatzeko landu behar dituzten mekanismoak eta gaitasunak aztertzea. Ikerketa honek bi helburu nagusi ditu:

  • Berregokitutako esparru teoriko bat eraikitzea, eskolaz kanpoko gizarte-eremuetan euskararen erabilera sozialaren gaitasuna indartzeko eta eremu horietan euskaraz modu aktiboan sozializatzeko.
  • Esku hartzeko eredu-programa bat sortzea, eskolaz kanpoko gizarte-eremuetan euskararen erabilera sozialaren gaitasuna indartzeko eta eremu horietan euskaraz modu aktiboan sozializatzeko.

2017. urtean ekintza hauek egingo dira:

  • Agiriak biltzen amaitzea.
  • Udalerri bakoitzaren sozializazio-eremuen kartografia egitea.
  • Esku-hartze ereduaren oinarri teorikoak ezartzea.

3. Kultura eta Nortasunen mintegia: "Euskal gizartea: kultura eta nortasunak" Eusko Ikaskuntzak gizarte- eta kultura-errealitatearen arloaren barruan aktibatu duen proiektua da. Proiektu horrek, 2018an egingo den Eusko Ikaskuntzaren kongresuan erakutsiko ditu lehen emaitzak, erakundearen mendeurrenaren barruan.

Hauek dira helburuak:

  • Ororen balioak, balio partekatuak, positiboak eta biltzaileak identifikatzea.
  • XXI. mendeko euskal kultura- eta nortasun-eremuek nolakoak izan behar duten aztertzea.
  • Gaur egungo gizartearen identitate eta irudizko kultura-erreferenteak identifikatzea, gizarte kohesioa bultzatzeko.
  • IKTek kultura eta identitate eremuak eraikitzeko eskaintzen dituzten erronkak eta aukerak aztertzea.
  • Eragin globalizatzaileak aztertzea, berezko ezaugarriak galdu gabe integratzeko, eta mundu globalizatuan eta digitalean euskal gizartearen kultura eta identitate errealitatea zein den azaltzea.

Helburu horrekin, 2017. urtean "Kultura eta nortasunak mintegia" egingo da. Parte-hartzailea izango da, eta bere helburua emaitza aplikagarria lortzea da.

Hauek dira helburuak:

  • Adituek, profesionalek eta administrazioak planteatutako arazoei erantzuna ematea.
  • Sorkuntza artistikotik abiatuz, proposamenak identifikatzea eta definitzea.
  • Mapaketa orokorra egitea: lehentasunak eta sakondu beharreko ikerketa eta ekintza lerroak identifikatzen abiatuz.

Nafarroako Foru Aldundia, Eusko Ikaskuntzaren sortzailea

Nafarroako Foru Aldundia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918. urtean, Arabako, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiekin batera, erkidego horietan kultuaren adierazpen guztiak aztertzeko eta zabaltzeko.

Hortik aurrera Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etengabea izan da 2011. urtera arte. Iaz, 2016. urtean, lankidetza-hitzarmena berreskuratu zen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp