Jean-Michel Larrasquet, 1950-2018

Berri korporatiboak

2018/03/19

Jean-Michel Larrasquet, 1950-2018

Martxoaren 19an hil zen Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariorde Jean-Michel Larrasquet.

Laurogeita hamargarren hamarkadaz geroztik, Eusko Ikaskuntzako zutabe garrantzitsuetako bat izan zen, bai zuzendaritza organoetan zuen inplikazioagatik, baita ekoizpen zientifiko eta ezagutzari egiten zion bultzadagatik ere.

2008an Iparraldeko lehendakariorde aukeratu zuten eta 2012an berritu zuen kargua. Bere ekimenez antolatu ziren Nazioarteko Proiektika Jardunaldiak 1995 eta 2011 urteen artean, Iparraldeko eta Hegoaldeko gizarte zientzietako ikerlariak urtero biltzen zirelarik. Eusko Ikaskuntzen azken bost kongresuei egindako bere lanak nabarmenak izan ziren, udazkenerako aurreikusitako XVIII. Kongresuari begira egiten ari zen ekarpena azpimarratzekoa den bezalaxe.

1950. urtean Parisen jaiotako Jean-Michel Larrasquet berrikuntza eta aldaketaren antolakuntzan eta kudeaketan aditua zen. Paue eta Adurreko Herrialdeetako Unibertsitatean Kudeaketaren Zientzietan irakasle emeritu zen, Industria Teknologia Aurreratuetako Goi-Eskolan klaseak eman zituen, baita irakasle gonbidatu gisa aritu hainbat unibertsitate eta goi-mailako irakaskuntza zentroetan ere: Manchester Metropolitan University delakoan (Erresuma Batua), Yucataneko Unibertsitate Autonomoan (Mexiko), José Antonio Echeverria Goi-mailako Institutu Politeknikoan (Kuba) edota Mondragon Unibertsitateko Zientzia Fakultatean.

Graphos Costa Vascako zuzendari izan zen (ESTIA-Recherche delakoaren parte dena) eta ERALAN mugaz gaindiko ikerketa laborategiko alboko zuzendari. Nazioarteko hainbat zientzia komitetako presidente eta partaide ere izan zen.

Jean-Michel Larrasquet Euskadiko Garapen Kontseiluko kide eta Euskal Elkargoaren talde sortzailekoa ere izan zen.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp