Hasi da Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren urtea, 1918-2018

Mendeurrena

2018/01/29

Hasi da Eusko Ikaskuntzaren mendeurrenaren urtea, 1918-2018

2018an Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatuko da eta, gainera, berrogei urte beteko dira, penintsulan lau hamarkadatan debekatuta egon ondoren, bere jarduera berriz martxan jarri zenetik. Efemeride bikoitz hau hainbat ekitaldirekin gogoraraziko da datozen hilabeteetan zehar.

Eusko Ikaskuntza 1918. urteko azken egunetan sortu zen ofizialki. Urte hartako irailean, Oñatin, eusko ikaskuntzen lehen Kongresua egin zen, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek hartutako erabakiaren ondorioz. Akordio hura gogoratu eta haren jarraikortasun historikoa berresteko, datozen asteetan, ‘Eusko Ikaskuntza Urtea’ delakoari hasiera ofiziala emango dion ekitaldi instituzionala egingo da. 

Bestalde, hainbat bazkide omenduko dira Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusian ekaina hasieran. Honela, 1978an Eusko Ikaskuntzaren berpizkundean protagonista izan zirenei aitormen berezia egingo zaie ekitaldian. Izan ere, bazkide hauei esker, aro berri bat bizi izan du gure erakundeak. 

Urteko hitzordu akademiko handia udazkenean helduko da, ‘Geroa Elkar-Ekin’ lemapean egingo den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren eskutik. Programa bost gai-eremutan egituratuko da, 2015az geroztik Eusko Ikaskuntza bultzatzen ari den bost proiektu nagusiekin lotuta dagoena. Atal bakoitzak euskal hiriburu batean egingo ditu bilerak. Hau da egutegia:

  • Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea. Baiona, urriaren 5ean
  • Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen. Gasteiz, urriaren 19an
  • Euskal Gizartea: Kultura eta Nortasuna. Iruñea, urriaren 26an
  • Garapen sozio-ekonomikoa: euskal gizarte eta enpresa ereduak. Bilbo, azaroaren 9an
  • Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria. Donostia, azaroaren 16an

Bost atal horien emaitzek bat egingo dute osoko bi bilkuretan, eta horietan Kongresuaren ondorio nagusiak aurkeztu eta eztabaidatuko dira: azaroaren 23 eta 24an izango dira, ostiral eta larunbatarekin, Oñatin. Aipatutako azken datan ekitaldi instituzional handi bat egingo da herrian bertan eta, bertan, agintariak, Eusko Ikaskuntzako kideak eta euskal gizarteko hainbat lagun bilduko dira. Hainbat jardueren bitartez, jai eta partaidetza izaera emango diote egun garrantzitsu horri.

Adierazitakoaz gain, Eusko Ikaskuntzari buruzko antzezlan bat ere aurkeztuko da eta, Oñatin estreinatu ondoren, lurralde osoan zehar taularatuko da. Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriaren garapen ekonomiko, zientifiko eta sozialari azken mendean eginiko ekarpenari buruzko liburu bat ere argitaratuko da.

Datozen egunotan, Xabier Alkorta lehendakari duen Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileak benetako protagonistak izan behar dutenei –Eusko Ikaskuntzako bazkideei- ekitaldiekin bat egiteko gonbitea luzatuko die.

Eusko Ikaskuntzaren jatorria. J.M. Barandiaranek idatzia

“Batzar hura egiteko asmoa Apraiz'tar Aingeru, gasteiztarrak, agertu zuen lehenengo, Bilbon egin zuen hitzaldi batean. Bartzelonako Ikastola-nagusian edo Unibertsitatean irakasle zen bera. Asmoaren berria hedatu zen han-hemenka Euskal Herrian. Gure aldundi guztiek onartu zuten; baita Euskal Herrian zehar herriak, elkargoak eta berri ona jakin zuten lagunek ere. –Horregatik, denen laguntzen bidez, batzar hura egin ahal izan zuten. Batzarrak zortzi arlotan banatu zituen bere egitekoak: Gizarte eta politika zientziak, Antropologia, Medikuntza, Hizkuntza, Historia, Arteak, Irakaskuntza eta Euskal Ikasketak. 

Geroago, berriz, azken batzar nagusietan, bazituen hogeita hiru arlo. Oñatiko Batzarrak, bere arauan, hauxe agertu zuen: bere egiteko bat, euskal ikaskuntzari eta euskal heziketari eragin eta aurrera eginaraziko zion elkarte bat eratzea zela. Hortik sortu zen Eusko Ikaskuntza izeneko elkartea. Eta hala, batzarraren azken-egunerako elkarte berriaren araua onartua zegoen. Eta batzarreko atal bakoitzak bi batzordekide izendapena egina zeukan eta haik izan ziren Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Iraunkorra sortu zutenak”.  

Jose Migel Barandiaran, 1978.

Lau data

1918: Eusko Ikaskuntzaren Lehen Kongresua. 
1978: Kongresu Nagusia, jarduerak berrabiarazteko. 
1993: Eusko Ikaskuntzaren 75. urteurrena.
2018: Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrena

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp