Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenari esker, Eusko Ikaskuntzak hainbat proiektu kultural gauzatuko ditu

Berri korporatiboak

2016/09/19

Nafarroako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenari esker, Eusko Ikaskuntzak hainbat proiektu kultural gauzatuko ditu

Ollo kontseilariak eta Eusko Ikaskuntzako lehendakaria den Iñaki Dorronsorok Gobernuak erakundeari 20.000 Eurotako aportazioa jasotzen duen hitzarmena sinatu dute.

Euskarabidea bitartekaria izanda, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak 2011. urtean eten egin zen kolaborazioa berreskuratu dute 2016. urtean zehar proiektu ezberdinak burutzeko. Horretarako, bi erakundeek Nafarroako Jauregian gaur goizean elkarlanaren oinarriak eta betebeharrak jasotzen dituen hitzarmena sinatu dute. Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erekundeekiko Harremanetarako kontseilariak, eta Iñaki Dorronsorok, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak, 20.000 Eurotako aportazioa jasotzen duen dokumentua sinatu dute. Zehazki, dirulaguntzak lau proiektu babestuko ditu:

1. Etorkizun Foroak: Foros de futuro: "Gure etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea", proiektu honen helburua da hausnarketa partekatu eta antolatu bat burutzea foro parte-hartzaileen bitartez XXI. mende erdiko euskal gizartea irudikatzeko. 2016. urtea amaitu baino lehen Nafarroako gizartearen intereseko gaiak landuko dituen foroa antolatzea aurreikusten da (energia, industria, mugikortasuna, hiriko bizitza, nekazal mundua, lan mundua, egituraketa soziopolitikoa, euskal kultura, euskeraren erabilera, besteak beste).

2. Trebeak! eus proiektuan eskolaz kanpoko sozializazio espazioek gaztetxoen hizkuntza sozializazio eta portaeretan duten eragina kontuta hartu eta testuinguru ezberdinetan gazteak gizarte gune horietan euskaraz aktiboki sozializatzeko, zein mekanismo edo gaitasun landu eta horietan trebetasunak nola garatu aztertu nahi da.

3. Ezagutza partekatuz: “Urteko galdera”: eztabaida soziala sortu eta eztabaida horretatik jaiotzen diren emaitzak landu eta Euskal Komunitate Globalaren zerbitzura jartzeko proiektua da. Ospatuko diren aurrez aurreko bilera zientifikoen bitartez adituen ezagutza egunerokoan jasango dituzten biztanleen eskarmentuarekin batera osatuko da. Ezagutza partekatu eta elkarrekin osatu, alegia. 2016. urtean Iruñan Internet eta Hezkuntzaren gaiak oinarri harturik, bilera bat ospatuko da.

4. Ezagutza gerturatuz: Eusko Ikaskuntzak 2011. urtean Ezagutza Gerturatuz ekimena jarri zuen martxan Nafarroako bazkideen parte hartzea sustatu eta Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena zuten udalekin harremana indartzeko. Horretarako arlo ezberdinetako hitzaldiak eskaini zituen Nafarroako udaletan 2011, 2012 eta 2013. urteetan. Ekimenak izandako arrakasta ikusita, 2016. urtera begira deialdi berri bat garatuko da. Deialdi berri honen helburua izanen da Eusko Ikaskuntzak lantzen ari dituen lau eremuetako (eremu sozio-ekonomikoa, eremu sozio-politikoa, eremu sozio-kulturala eta euskararen eremua) edukiak herritarrekin batera lantzea. Horretarako Euskal Herriko zonalde eta errealitate ezberdinetako konparaketa bat lantzea proposatzen da. Nafarroan 2016. urtean solasaldi, hitzaldi eta mahai-inguur sorta bat antolatuko da. Nafarroako Gobernuarekin batera landu beharreko zonaldeak aukeratuko dira, dinamikak definituko dira eta hizlariak, adituak eta eragileak aukeratuko dira.

NaFarroako foru diputazioa, Eusko Ikaskuntzako sortzailea

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioekin batera, Nafarroako Foru Diputazioa izan zen Eusko Ikaskuntzaren sortzailea 1918. urtean. Urte horretatik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana jarraia izan zen 2011. urterarte, azken hitzarmena sinatutako urterarte. Urteetako elkarlan horri esker hainbat proiektu eta ekimen jarri dira martxan. Sinatu den hitzarmenak erakundeak nafar Gobernutik jasotzen zuen laguntza ekonomikoa berreskuratzen du Eusko Ikaskuntzak Nafarroako gizarte eta kulturaren inguruan egiten duen ikerketa eta dibulgazio lana ahalbidetzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp