Eusko Ikaskuntza berrantolatzeko arduradunak, 1978-2018

Mendeurrena

2018/05/14

Eusko Ikaskuntza berrantolatzeko arduradunak, 1978-2018

1978tik Eusko Ikaskuntzako bazkide direnei omenaldia egingo zaie ekainaren 2an. Urte horretako irailaren 17an, Oñatiko Unibertsitatean, Batzar Nagusiak Eusko Ikaskuntzaren berrantolaketa onartu zuen, berrogei urtez espainiar estatuan debekatuta egon ondoren.

Laurehun pertsona inguruk erantzun zioten gerra aurreko azken Batzar Iraunkorrak (José Miguel de Barandiaran, Justo Gárate, Aingeru Irigaray, Joaquín Irizar, Manuel Irujo eta Manuel Lekuonak osatutakoa) sinatutako deialdiari. Sei haiekin batera Agustin Zumalabe zegoen, 1934tik bulegoetan lanean aritu zena eta orduan idazkari kudeatzaile funtzioak hartu zituena. 

Egun historiko hura Eusko Ikaskuntzaren historian gelditu da kultura eta zientzia proiektu handi bat lortzeko lehen urrats gisa. Honela definitu zuen José Miguel Barandiaranek Bazkide batzarrean: “Denon artean lortu dezagun Eusko Ikaskuntza eusko ikasketa eta ikerketa gune izatea, hemengo eta mundu guztiko euskalari guztiak batu eta elkartzeko gunea”. 

Garai hartan ametsa besterik ez zena egia bihurtzeko lan egin zuten guztiei zuzenduta dago ekainaren 2ko ekitaldia.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp