Eusko Ikaskuntza, 2018ko Arabako Domina

Mendeurrena

2018/04/28

Eusko Ikaskuntza, 2018ko Arabako Domina

2018ko Arabako Dominak Eusko Ikaskuntzari eta Euskaltzaindiari banatzeko ekitaldiak arabar gizarteko ordezkari ugari erakarri zituen Gasteizko Artium museora apirilaren 28an, San Prudentzioko ospakizunekin bat eginez.

Arabako Domina Eusko Ikaskuntzari ehun urte beteta (1918ko abenduaren 22an sortuta) eta Euskaltzaindiari 99 urte egin dituenean (1919ko iraialaren 21ean sortuta) ematearekin Arabako Aldundiak "ehun urteko lana eta Arabako eta Euskadiko hizkuntza, gizarte eta kultura ondarea sustatzen egindako lana aintzatesten du", aurreko otsaileko Foru Dekretuak argitzen zuen bezala.

Ideia hori bera izan zuen hizpide Diputatu Nagusiak, Ramiro Gonzalezek, bere hitzetan: "Gure hizkuntza eta ondare kultural, sozial eta historikoa ulertzen, balioan jartzen, berreskuratzen eta mantentzen laguntzen diguzue. Gure gizarteak bere erroak zein lurratan hondoratzen dituen eta horien sakontasun eta zabaltasuna gogoan izanik, hazten jarrai dezan beharrezkoak zarete erakunde biak".

Iñaki Dorronsoro lehendakariak erakundeak arabako lurraldearekin dituen harremanak eta historiako zenbait pasarte azaldu zituen. Mugarri historiko garrantzitsu batzuk gogora ekarri zituen eta oroitzapen berezia izan zuen Euskal Herriaren garapen kultural eta zientifikoan lagundu izan duten arabarrekiko. Datorren udazkenean ospatuko den Eusko Ikaskuntzaren kongresuak bere saioetako bat Araban izango duela adierazi ostean, "Ehun urte ondoren, ispiritu berrituarekin eta gure garai honetara egokituta, kohesioa, aniztasunaren integrazioa eta herrialde bezala definitzen gaituzten balioak mantzearen alde lan egiten duen erakundea izaten jarraitzea dugu helburu" nabarmendu zuen.

Ekitaldiari itxiera eman baino lehen Endrike Knörr gogoan izan zuten, orain dela hamar urte hil zena. Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiaren kide izandakoak "Arabako historia, kultura, geografia, toponimia, biztanleria eta euskararen inguruan ikerketa eta zabalkundea egin zuen" era sakon batetan, Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak gogoratu zuen.

2018.04.28  Arabako Domina

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp