Euskadiko Artxibo Historikoak Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat jaso du

Berri korporatiboak

2018/04/12

Euskadiko Artxibo Historikoak Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat jaso du

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak akordio bat sinatu dute, Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoari laga ahal izateko.

Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak akordio bat sinatu dute apirilaren 12an, Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoari lagatzeko. Ehun urteko erakundeak lagatako dokumentu-materiala, lehenik eta behin, azken lau hamarkadotan Euskadiko Historia Garaikideko Dokumentazio Zentroan bildutako dokumentazioak osatzen du; orain arte Eusko Ikaskuntzak babestu du. Gainera, lagapenean bere garaian zenbait euskal familiak eta erakundek Eusko Ikaskuntzari dohaintzan emandako hogeita hamar bat dokumentu-funts daude. Material hori guztia, 2.000 kutxa inguru, historialari eta ikertzaileek kontsultatu ahal izango dute, Artxibo Historikoan.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izan dira lagapen hau posible egiten duen akordio hau sinatzeko arduradunak. “Eusko Ikaskuntza gure herrialdeko erakunde garrantzitsuenetako bat da, eta nabarmendu behar dugu, gainera, dokumentu-funts osoenetako bat duela. Funts horietako batzuk orain Euskadiko Artxibo Historikoak babestuko ditu; bere dokumentu-funtsari orain balio handiko ondarea gehitzen dio”, esan du Zupiria sailburuak.
 

Dokumentazio-zentroa

Eusko Ikaskuntzak Dokumentazio Zentroan bildutako materialak honako elementu hauek ditu:
•    Kalitate handiko liburutegi espezializatua; 8.217 liburu eta aldian behingo 2.367 argitalpen-zenbaki ditu.
•    1936aren eta 1980aren bitarteko dokumentazioaren bilketa, 175 kutxatan gordeta, batik bat Donostia-San Sebastiango Casa Baroja inprimategikoak eta La Voz de España egunkarikoak.
•    Kartelen bilduma bat.
•    Hemeroteka bat, 400 kutxa ingururekin.

Dokumentu-ondare hori azken lau hamarkadatan bildu da, Eusko Ikaskuntzak Gaur Egungo Historiaren Dokumentazio Zentroaren proiektua sustatu zuenetik. “1978an Eusko Ikaskuntza birsortu zenetik, erakunde honek premiazkoentzat jotzen ziren eginkizunetan lanean hasi zen. Diktaduraren garaian arduragabekeria kulturalaren eta ondareari tratu txarrak ematen lau hamarkada egon ondoren, gure herrialdeak gabezia ugari eta oso larriak zituen. Ikerlana sustatzeko, lehentasunezkoa zen artxiboen eta dokumentu-gordailuen egoera aztertzea. Horretara dedikatu zen Euskal Ikaskuntzen Kongresua, monografikoki”, esan du Iñaki Dorronsorok.    

Urtebete geroago, 1979an, Gerra Zibiletik euskal historiari buruzko hainbat arlotako materialak bilduko zituen Zentroa sortzeko beharra planteatu zen. Helburuak izan behar zuen garaiko ikertzaileen eta etorkizunean Trantsizioaren historiari buruz idazteko interesa erakutsiko zutenen esku jartzea interesekotzat jotzen zen dokumentu-ondare guztia. Proiektu hau, hasiera batean, Hondarribiko Ramery Jauregian kokatu zen eta, urteetan zehar, Euskadiko oraintsuko historiari buruzko material ugari biltzen ahalegindu zen. “Liburuak, egunkariak, aldizkariak, liburuxkak, panfletoak, kartelak eta oraintsuko historia aztertzeko interesekoa den edozein dokumentu sozial eta politiko biltzeko helburu izango litzateke. Denborak dimentsionatuko luke berriro enpresa handinahi hori, benetako aukeren arabera”, esan du Dorronsoro lehendakariak.

Orain, material hau guztia Euskadiko Artxibo Historikoak babestuko du, eta Zupiria sailburuak eskerrak eman ditu horregatik. “Eskerrak eman nahi ditugu Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Artxibo Historikoaren proiektuaren gainean erakutsitako konfiantzagatik. Eraikin honek dituen funts guztiekin batera, aurrerantzean, erreferentzia oso garrantzitsua egongo da, Dokumentazio Zentroa, funtsezkoa gure herrialdeko XX. mendeko asaldatua aztertzeko interesa duten pertsonentzat. Frankismoa eta Trantsizioa direla eta, lehen mailako iturri garrantzitsuenetako zati handi bat Eusko Ikaskuntzak Artxiboaren babespean jartzen dituen funtsen artean dago”.

Gainerako funtsak

Dokumentazio Zentroari lotutako materiala gorabehera, Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Artxibo Historikoari hainbat jatorritako hogeita hamar bat funts laga dizkio. Elementu horien artean nabarmentzekoak dira honako hauek:

•    Aramendi bilduma (39 kutxa), AHNan eta Artxibo Historiko Militarrean eskuratutako dokumentuekin.
•    Arteaga – Aznar funtsa (6 kutxa).
•    Corral funtsa (5 kutxa).
•    Santiago Cunchillos funtsa (4 kutxa).
•    Hauteskundeei buruzko dokumentazioa (32 kutxa).
•    Eva Forest – Alfonso Sastre funtsa (15 kutxa).
•    Eugène Goyenetche funtsa (9 kutxa).
•    KAS koordinatzailearen dokumentazioa (3 kutxa).
•    Langileen erakunde iraultzailearen dokumentazioa (89 kutxa).
•    Alderdi politikoei buruzko dokumentazioa (270 kutxa).

Hortaz, badaude era askotako funtsak, familia ugarirenak, alderdi politikoenak, sindikatuenak, gizarte-mugimenduenak eta bestelako artxiboetan eskuratutako dokumentuak. Iñaki Dorronsorok nabarmendu du Santiago Cunchillos, Eugéne Goyheneche, Arteaga-Aznar edo Sastre-Foresten funtsek duten garrantzia.

Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mendeko Euskadiko Artxibo Historikoari lagatako funtsak balio handiko ondare dira, ikuspuntu historikotik eta kulturaletik. Artxibo Historikoak baldintza egokiak ditu material hori babestu, kontserbatu eta, hala badagokio, zabaldu ahal izateko.

Eusko Ikaskuntzak, era berean, funts horiek ahalik eta baldintza egokienetan kontserbatu eta zabaldu ahal izateko interes bera du. Hori dela eta, alde biek erabaki dute dokumentu horiek lagatzeko akordioa sinatzea; bertan ezartzen da Eusko Ikaskuntzak doan laga diola funts horiek gordetzea.

Hitzarmen hau dokumentu-ondarearen eta artxiboen politikaren programetako baten oinarri da, Euskadiko historia ulertzeko esanguratsuak diren dokumentu-funtsak berreskuratzeko programarena. Artxiboak kontserbatu eta zabaldu egingo ditu, dituen artxibo-funts publikoen irizpide berei jarraikiz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp