Etor zaitez Oñatira: Eusko Ikaskuntzak Mendeurrena ospatuko du

Mendeurrena

2018/10/29

Etor zaitez Oñatira: Eusko Ikaskuntzak Mendeurrena ospatuko du

Eusko Ikaskuntzak sortu zeneko 100 urteak ospatuko ditu, azaroaren 24an, larunbata, Oñatin. Egun handi eta historiko honetan gure herriko erakundeetako ordezkari nagusiak izango dira. Elkarrekin festa giroan egoteko eguna izango da.

Goizeko 11:30etan, agintari, bazkide eta herritarrei ongi etorria egingo zaie Oñatiko Foruen Plazan. Jarraian, 1918an Eusko Ikaskuntzako I. Kongresuan bezala, soka dantzan parte hartuko dute agintariek Oñatz Dantza Taldearekin batera.

Eguerdian San Migeleko elizan hasiko den ekitaldian emanaldi musikalak izango dira, Donostiako Orfeoiarena, esaterako. Bertan, Eusko Ikaskuntzaren etorkizuneko lan ildoak bilduko dituen erakunde adierazpena irakurriko da. Goizeko programa amaitzeko, Arizkungo Dantza Taldeak, duela mende bat bezalaxe, dantza tradizionalen erakustaldia egingo dute.

Arratsaldean, elkarrekin bazkaldu ondoren, Santa Ana Antzokian, Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako Hamaika amaren seme (alaba) obra taularatuko da. Bertan, euskal gizartearen eboluzioa ikus daiteke, Eusko Ikaskuntzaren sorreratik gaur arte.

Eusko Ikaskuntzako bazkideak gonbidatuta daude ekitaldira, bai eta egun historiko honetan parte hartu nahi duten guztiak ere. Mendeurrena ospatzeaz gain, euskal komunitateen iragana, oraina eta etorkizunari buruzko gogoetarako momentua izango da aldaketa azkar eta garrantzitsuen garaian. Era berean, omenaldi kolektiboa egingo zaio euskal gizarte zibiletik jaio, gizartearen beraren aurrerapenagatik lan egin eta propio eta berezi dituen ezaugarri eta baloreek aurrera egin dezaten lan egin duen erakunde zaharrenetako bati.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp