Erakunde bizitza: elkarlanerako lerroak sendotuz

Berri korporatiboak

2017/02/13

Erakunde bizitza: elkarlanerako lerroak sendotuz

Urte hasiera emaritsua izan da Eusko Ikaskuntzarentzat topaketa instituzionalei dagokionez, eta agenda bilerekin eta ekitaldiekin josita egon da.

Urteko lehenengo hitzordua urtarrilaren 12an izan zen Biarritzen. Bertan, Eusko Ikaskuntzaren ordezkariak bertako auzapezarekin, Michel Veunacekin, bildu ziren elkarlana finkatzeko xedez. Elkar ulertze ona garatu zen bi erakunderen artean eta konpromisoa hartu zuten Eusko Ikaskuntzari bere sostengua eman eta euskara eta euskal kulturaren arloan lanean jarraitzeko.

Nabarraldeko ordezkaritza bat gerturatu zen urtarrilaren 26an Eusko Ikaskuntzaren Donostiako egoitzara. Bilerari hasiera emateko 2016ko Manuel Lekuona saria eskuratu duen nabarraldeko kidea Jean Luis Davant zoriondu zuten elkarri.

Bilboko Arriaga Antzokian urtarrilaren 29an ospatutako Sabino Arana Sarien banaketan Eusko Ikaskuntza gonbidatua izan zen. Bertan haren babesa azaldu zuten errekonozimendua eskuratu zuten Pedro Luis Uriarteri, Orbea kooperatibari, Egibide Diocesanas-Jesús Obrero Fundazioari, Matxalen Ziarsolori, Tolosako Ekinbide Etxeari eta Picassoren 'Guernica' margolanak islatzen duen unibertso sinbolikoari.

Gipuzkoako Foru Aldundian Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako Diputatuarekin eta Kulturako zuzendari nagusia den Mari Jose Telleriarekin izan zen hurrengo bilera. Bertan, 2017an zehar burutuko diren proiektuetaz berba egiteko abagunea izan zuten eta lan egiteko agendaren aurreikuspena lotu zuten.

Otsailari jarraipena eman zioten Nafarroako Gobernuarekin lotutako bi bilerekin. Batetik, Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren eta mendeurreneko ospakizunei begira, lurraldean garatu nahi den ekimenak adosteko. Bestetik, erakunde biren arteko lan hitzarmenaz solasteko abagunea izan zuten eta 2017an Nafarroan burutuko  ziren jarduerak zehaztu zituzten. Lehenengo bilera Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren kabinete burua den Mikel Etxegarai ospatu zen Iruñean eta bigarrena, Euskarabidearen egoitzan izan zen Mikel Arregik harrera eginez Eusko Ikaskuntzako ordezkariei.

Azkenik, nabarmendu nahi da azkeneko Kontseilu Errektorearen bilera Baionan ospatu zelarik, bertako alkate Jean-René Etchegarayk, Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoaren presidente izendatu berria, Eusko Ikaskuntzari ongietorria egin ziola. Bileran ere, Yves Ugalde, Baionako auzapezordea, egon zen. Bi erakundeen aldeetatik orain arte burututako lanaren birpasua egin eta jorratutako bide arrakastatsutik jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Halaber, Eusko Ikaskuntzak haren Kontseilu Errektore kide izateko gonbitea luzatu zion Etchegaray jaunari eta berak, kargu berri horren barruan jaso zuen Elkargoaren ordezkariren bat horretarako  izendatzearen ardura. Horrela, Eusko Ikaskuntzak haren zuzendaritza gobernu osaketan Ipar Euskal Herriko ordezkaria izango luke, hango lehendakariordea eta bokala izateaz gain.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp