Bilbori Buruzko Historiaren XXI. Sinposioa egin zen azaroaren 29an

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2017/12/01

Bilbori Buruzko Historiaren XXI. Sinposioa egin zen azaroaren 29an

1917ko abuztuko greba orokorraren, euskal autogobernuaren aldarrikapenaren eta Bilboko lehendabiziko alkatetza demokratikoaren ehungarren urteurrenak izan ziren gai nagusiak.

1917ko abuztuko greba orokorrak, euskal autogobernuaren aldarrikapenak eta Bilboko lehendabiziko alkatetza demokratikoak 100 urte bete dituzte aurten. Hau dela eta, Eusko Ikaskuntzak eta Bilboko Udalak sinposioa antolatu zuten azaroaren 29an Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Arratsaldeko 6etan hasita, bi orduz, gertakari garrantzitsu hauen gainean hitz egin zen, hainbat espezialistaren ekarpenekin.

Bizkaiako hiriburuan ospatu zen sinposioak hiru gertaera historiko hauen mendeurrena ospatzea izan zuen helburu. Baina, nortzuk izan ziren gertakari hauen protagonistak? Nolakoak izan ziren Mario Aranaren gobernuaren lehen pausuak? Euskal autogobernuari buruzko eztabaidek zer ekarri zuten? Nola eraldatzen ari zen Bilbo mende hasiera hartan? Galdera hauei guztiei erantzuna ematen saiatu ziren solasaldian protagonista izan diren 11 hizlariak.

Ekitaldiari Eusko Ikaskuntzaren Bizkaiko lehendakariorde Rosa Miren Pagolak eman zion hasiera. Sinposioaren irekiera ofizialaren ostean, Joseba Agirreazkuenagak hartu zuen hitza, Bilboko lehenbiziko alkate demokratikoak aurkeztuz. Jardunaldia Begoña Villanuevak itxi zuen. Sinposiora 50 lagun baino gehiago hurbildu ziren eta, bukatutakoan, gai hauetaz guztietaz hitz egiteko aukera egon zen, eztabaida interesgarri bat piztuz.

Egitaraua hemen eskuratu dezakezu.


Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp